Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

HISTORIA DE LOS VASCOS: Azken artikulua

Gure kultura-oroimenaren eragileak eta partaideak

Bilbao 700 Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu dituzten gaurko eta biharko jardunaldietan, urriaren 18an eta 19an, hain zuzen ere, XX. mendearen lehen herenean sortu ziren euskal kulturaren adierazpenak eta agerkizunak aztertuko dituzte, eta zehatzago jorratuko dituzte diktaduran garatu zirenak, frankismoak ezarritako baldintza latzen ingurumarian.


asteazkena, 2017.eko urriak 18

Gure kultura-oroimenaren eragileak eta partaideak

Gaurko jardunaldian, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari ohiak, Javier Viarrek, adierazi du Gerra Zibilak euskal artearen “bilbea” suntsitu zuela, eta XIX. mendearen azken laurdenean hasitako sorkuntza-aldiaren segida apurtu zuela. Sormenezko aldi horretan, euskal arteak emaitza bikainak ondu zituen, Europako artearen aldean, izaera epigonala izan bazuen ere.

Viarrek gogorarazi duenez, “heriotzak eta atzerrialdiak sortzaile esanguratsuak erauzi zituzten Euskaditik”. Viarrek laster kaleratuko den “Euskal artearen historia. Gerra Zibiletik gaur arte (1936-2016)” liburua egin du eta, egilearen iritziz, “gerra ostean zabaldu zen kulturaren aurkako egoerak sormenezko bizigarrik erabat agorrarazi zituen”. 

Arte adituak hainbat ilustratzaile ekarri ditu gogora, hala nola “Nik”, Luciano Quintana Madariaga, Luis Lasheras Madinabeitia edo Juan Cabanas Erauskin. Azkenak, propagandari eskainitako lana dela eta, lanpeturik ibili ziren “gatazkak iraun zuen urteetan”. Beste artista batzuen lana ere, esaterako, Aurelio Artetarena aztertu du, eta Viarren aburuz, “Gerra Zibilaren kariaz, euskal arteak ekoitzitako margolan hunkigarrien, baliotsuen eta balio sinbolikorik handienekoak” berarenak izan ziren. Bestetik, hainbat artista ospetsuk, besteak beste,  Benito Barrueta (1873-1953), Julián de Tellaetxe, Juan de Aranoa (1901-1973), José María Ucelay, Antonio de Guezala eta Ascensio Martiarenak (1883-1966), erbestealdian egindako lan eskerga azpimarratu du. 

Viarrek herrialdean geratu ziren artistak garai hartan sortutako egoera politiko berriarekin, gutxi-asko, ados zeudela ere aipatu ditu. Besteak beste, Losada, Amarika, Zuloaga, Maeztu, Zubiaurre anaiak, Salaberria, Larroque eta Quintín de Torre margolariak eta eskultoreak aipatu ditu.

“40ko hamarkadaren amaieran, euskal arteak berrikuntza sakona eta harrigarria izan zuen”, adierazi du Javier Viarrek. “1949an, Ucelay Ingalaterratik itzuli zen eta, zendu arte, kalitate handiko eta aztarna kosmopolitaz blaitutako figurazko pintura landu zuen. Esan daiteke Ucelay izan zela, gerraren aurretik lanean hasitakoetan, diktaduraren sasoian, sormenari eutsi eta are handitu zuen euskal artista nabarmenena, behintzat, gerrak bete-betean harrapatu zituenen artean. 1948an, Oteiza ere itzuli zen. Oteizak 1935ean alde egin zuen Euskaditik eta ibilbide oparoa izan zuen Latinoamerikako herrialde batzuetan zeramikari, eskultore eta artearen teorialari gisa, abangoardiako pentsamendu estetikoari lotutako ikusmoldeari jarraiki. Beste alde batetik, urte horretan bertan, 1948an, Donostian jaiotako eskultore bat hasi zen lanean, Eduardo Chillida, hain zuzen, eta hurrengo urteetan aparteko lekura eraman zuen euskal artea eskultore donostiarrak, eta euskal arteak berak jarraian beretzat hartuko zituen molde estetikoak ezarri zituen. 1952an, Argentinatik itzuli zen Néstor Basterretxea. Artista bermeotarra erbestera joan zen hamabi urte zituela, eta margolari espresionista gisa hasi zen lanean ozeanoz bestaldean. Ezaugarri artistikoei gagozkiela, azaldutako aldi berri horrek ez zuen zer ikusirik izan gerrak bihozgabe zapaldutakoarekin. Nolanahi ere den, era bikainean gailendu zen eta sormenezko beste aldi bat sorrarazi zuen, etenik gabe; aldi horrek, hirurogei urte geroago ere, erreferentzia esanguratsuak eskaintzen dizkie berezkoaz haratagoko kultura-esparruei”, esan du.

Beste alde batetik, Alberto López Echevarrieta kazetari eta idazleak zapalkuntza frankistak zineman eta, bereziki, Bilboko zineman izan zuen eragina aletu du. 34 libururen horietako gehienak bertoko zinemari lotutakoak eta “Zinema Euskal Herrian” izeneko tesiaren egile den López Echevarrietak euskal zinemagileen egoera aztertu du, Errepublikatik diktadurara igarotzean gertatu zen aldaketa politikoaren testuinguruan. “Zinemagile askok ihes egin behar izan zuten, horietako batzuk heriotza zigorraz kondenatuta zeudela. Ostrazismoak irentsi zituen horien guztien lanak edo, besterik gabe, betiko galdu ziren”, azaldu du. Ildo horretan, López Echevarrietak Mariano Lapeyra, Mauro Azkona, Nemesio Manuel Sobrevila eta beste batzuen lana azaldu du gainetik eta argiro erakutsi du sasoi horretan sortutako frustrazioa, bertoko zinema garatzeko bidean, horien guztien ahaleginek porrot egin zutelako.

Bestalde, film batzuen kasua erabili du hizpide, besteak beste, “Euzkadi”, “Amor en maniobras” eta “Jai Alai”. Horiek eta beste batzuk merkataritza-zirkuitutik baztertu zituzten eta, gaur egun, ez daukagu halakoen kopia bakar bat ere.

Jarraian, López Echevarrieta No-Do zeritzon albistegia sortzeko arrazoiaren inguruan mintzatu da. Adituaren esanetan, albistegi horren jatorria Begoñako gertakizun batzuetan dago, zeinetan falangisten talde bat oldartu zen tradizionalistek gerrako hildakoak ondratzeko egin zuten omenaldi baten aurka.

Hitzaldiaren amaieran, Alberto López Echevarrietak zapalkuntza hark gizarte zibilean izan zituen ondorioak jorratu ditu. Adituaren esanetan, “zentsuraren gehiegizko esku hartzeak muturreko jarrera guztiz xelebrea izan zuen, atzerriko zinemagileen jabetza intelektuala ere ez baitzuen onartu”.

Jarraian, Labayru Fundazioko zuzendariorde Igone Etxebarriak XX. mendearen hasieratik aurrerako liburugintzaz eta egileez jardun du. Etxebarriaren aburuz, “XX. mendearen hasiera, Gerra Zibila piztu arte, goi-mailako sasoia izan zen euskal literaturarentzat. “Euskal Pizkundea” deitutako mugimenduak bultzada handia ekarri zion literaturari, bai eta beste kultura-adierazpide batzuei ere”.

Gogorarazi beharra dago Orixe, Lauaxeta eta Lizardi, euskal letratako olerkigintza berriaren sortzaileak, eta horien inguruan batutako idazleak ere sasoi horretakoak direla. 

“Idazle horiek guztiak hil ziren edo erail zituzten. Eta horien ingurukoak atzerrira joan edo isilik egon behar izan ziren. Gerra osteko literatura eskasa izan zen, bai eta aurreko garaietako oihartzuna ere. Erresistentziaren literatura izan zen, harik eta 60ko hamarkadan, idazle gazteen belaunaldia ernatu zen arte”, nabarmendu du Labayru Fundazioko zuzendariordeak.

Jardunaldiek bihar izango dute segida, urriaren 19an, goizeko 9:30etatik aurrera, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Biharko saioan, ondokoek parte hartuko dute: Josu Chueca, EHUko Historia Garaikideko doktorea; Joseba Lopezortega historialaria; eta Mercedes Albaina, Musikako goi-mailako tituluduna eta Psikologiako lizentziaduna.


EUKAL KULTURAREN MEMORIA Jardunaldietako ponentzien bideoak dagoeneko eskuragarri

Comments (0) Number of views (513)

Tags:

Gure komunikazioak jaso nahi badituzu (deialdiak, prentsa oharrak, iritzi artikuluak, etab.), honako galdetegi hau bete eta bidali iezaguzu:

 






    • Erakunde hauen laguntzarekin:

    •                           

    © 2013-2017 Sabino Arana Fundazioa