Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

HISTORIA DE LOS VASCOS: Azken artikulua

Kazetaritzaren arazoak “kazetaritza gehiago eta hobearen bidez” konpontzen dira

• Politika eta komunikazio adituek egiaren ostea eta, “errealitate paraleloak” eraikitzerakoan, teknologia berrien eta sare sozialen eragina aztertu dute Bilbon.


asteartea, 2017.eko azaroak 7

Kazetaritzaren arazoak “kazetaritza gehiago eta hobearen bidez” konpontzen dira

Juan Antonio Giner kazetariak, Zuzenbideko doktore eta Innovation International Media Consulting Group ¬¬–munduko kazetaritza-aholkularitzako enpresa ospetsuenetako bat– taldeko sortzaileetakoa eta presidenteak, Bilbon adierazi du gaur kazetaritzaren krisia “ez dela negozio-ereduaren krisi soila, ezpada, informazio-paradigmaren krisia”. 

Ginerrek parte hartu du gaur goizean Sabino Arana Fundazioak eta Europako Demokraten Institutuak (IED) antolatutako jardunaldi batean. Politika eta komunikazio arloetako adituak izan mintegi horretan, egiaren ostea aztertzeko helburuz.

Innovation-eko presidenteak 30 urtetik gorako eskarmentua metatu du mundu osoko kazetaritza-enpresei aholkularitza ematen; hala, innovations in news media direlakoen WAN-IFRAren urteko txostenen argitaratzailearen iritziz, tradiziozko hedabideak (prentsa idatzia, irratiak eta telebistak) aktualitatearen berri izateko kanal bakarrak eta ezinbestekoak ez direla gauza jakina den arren, guztiaz ere, “hedabide, kanal, sare eta plataforma digital berri gehienek oraindik ere ez dute kazetaritza-marka handien sinesgarritasuna eta informazioaren sendotasuna lortu”.

Ginerrentzat, “aurrean dugun erronkarik handiena hauxe da: irakurleak, entzuleak eta komunitateak, hedabideetako enpresaburuak eta kazetaritzako erredakzioak multimediako ekosistema digital berri baten birtualitateak sortu, finkatu eta hedatzeko gauza izango diren, ekosistema berri horrek kalitatezko kazetaritzaren beste urrezko aro bat ekar dezakeelako eta ekarri behar duelako”. Kazetariaren aburuz, hori “ez da erraza izango”, baina “funtsezkoa da gizarte demokratiko aurreratu eta anitzak garatuko badira”, kazetaritzaren arazo guztiak “kazetaritza gehiago eta hobearen bidez konpontzen baitira”.

Innovation-eko presidente eta sortzailearekin batera, ondoko hauek ere parte hartu dute gaurko jardunaldian: Miquel Urmeneta, Kazetaria eta Universitat Internacional de Catalunyako (UIC) komunikazio-irakaslea; Carmen Beatriz Fernández, DataStrategia Consultores enpresako zuzendaria (DataStrategia aditua da iritzi publikoa ikertzen eta Teknologia berriei buruzko aholkularitza eskaintzen); eta Marco Ricorda, ALDE taldearen identitate digitalaren arduraduna Europako Parlamentuan. Enpresaren estrategia, komunikazio eta Branding arloetako aholkulari eta kazetari Rafael Susok koordinatu eta moderatu du jardunaldia.

Hitzaldian, Urmenetak zabal galdetu du egia hil ote den, ondokoa esan ostean: Brexit delakoaren gaineko erreferendumaren emaitzak eta Trump-en hautaketak “argiro eta gordinki adierazi digute, ingurumari politikoan,egiazkotasunak beherantz kotizatzen duela”.

UICko irakasleak gizataldeen zeregina edo eragina aztertu du, iritzi-joeren sortzaile diren heinean. Urmenetaren iritziz, “egiaren osteko sasoian, hainbat elementuren bat egiteak eragiten dio bataila politikoari. Alde batetik, jarraitzaileen emozioak ustiatzen dituzte politikariak ditugu; beste alde batetik, negozio- eta eredu-krisi sakonak jota dauden hedabideak; eta azkenik, gero eta herritar gehiagori informazioa helarazteko zein eduki erabili behar den erabakitzen duten algoritmoen boterea dugu”.

 

Miquel Urmenetaren iritziz, hedabideak pairatzen ari diren krisia “aukera paregabea izan daiteke publikoak jabe daitezen berebiziko indarra dutela iritzi-joerak edo -korronteak eratzen. Berebiziko indar horrek –politikariek, hedabideek eta plataforma digitalek egiten dutenaz beste– boterea ematen die, baina, aldi berean, erantzukizuna egozten”.  

Beste alde batetik, Marco Ricordak, ALDE taldearen identitate digitalaren arduradunak Europako Parlamentuan, mass media berrien eta sare sozialen joerak eta erronkak aztertu ditu goizean. Ricordak azpimarratu du biziki garrantzitsua dela "bideoak erabiltzea kanpaina politikoetan" eta horiek gailenduko zaizkiela "argazki eta testuei". Ricordaren aburuz, kanpaina politikoek "messaging" delakoa (mezularitza) gero eta gehiagotan baliatuko dute.

Europako Parlamentuan ALDE taldeko nortasun digitaleko arduradun den Ricordak esan duenez, Facebook, Google eta Amazonek gero eta baliabide gehiago inbertitzen dituzte adimen artifizialean; izan ere, "gutxiago gehiago da" dioen minimalismoa nagusituko da, emozioak astintzen dituzten mezu labur eta zuzenen bidez.

Eta DataStrategiako presidenteak, Carmen Beatriz Fernándezek, Teknologia berriek eta sare sozialek “errealitate paraleloak” eraikitzerakoan duten eragina aztertu du.

“Askotan, emozio eta norberaren usteetarako deiek gertaera objektiboek baino eragin handiagoa dute” adierazi du DataStrategiako presidenteak. 

Fernándezek Ortega y Gasset filosofoa gogorarazi du, hauxe esaten zuela: “gizakia ezin da bizi inguruneko edo munduko itxura hasiberriaren aurrean erantzunik eman gabe; hala, ingurune horren gaineko eta gizakiak bertan izan dezakeen portaeraren gaineko interpretazio intelektuala eraiki ohi du”. Carmen Beatriz Fernándezen iritziz, horixe dugu egiaren bilaketa bultzatzen duen gizakien nolakotasuna. “hala eta guztiz ere, arazoa sor daiteke, egun bizi gaituen aroaren zorabioari erantzuteko, gizakiek interpretazio intelektual hori Twitter sareak eskaintzen dizkien 140 karaktereko sakontasunaz egiten dutenean”, adierazi du.

Aurrekoez gain, kazetariek, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoetako komunikazio-arduradunek, erakundeetako ordezkariek, Kazetaritza eta Komunikazio irakasleek, soziologoek eta abarrek parte hartu dute jardunaldian.


Comments (0) Number of views (199)

Tags:

Gure komunikazioak jaso nahi badituzu (deialdiak, prentsa oharrak, iritzi artikuluak, etab.), honako galdetegi hau bete eta bidali iezaguzu:

 






    • Erakunde hauen laguntzarekin:

    •                           

    © 2013-2017 Sabino Arana Fundazioa