Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

Azken edizioa: Sabino Arana Sariak 2016

CIT Tolosako Ekinbide Etxea

Sabino Arana Fundazioak Tolosako Ekinbide Etxea aintzatetsi eta saritu nahi du, euskal kultura 50 urtean zabaldu duelako eta Tolosako hiria munduko kultura aniztasunaren iturri eta topagune bilakatu dituelako. Hiriko eta eskualdeko kultura-eragile eta dinamizatzaile sutsua izanik, erakundearen nazioarteko joerari esker, Tolosa kulturaren mapamundian jarri du, nazioartean oihartzun zabala duten ekimenak bultzatu ohi dituelako, besteak beste, Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia (Titirijai) eta TOPIC (Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa). Gainera, Tolosako Ekinbide Etxeak egiteko jakintza, antolatzeko gaitasuna eta konpromisoa batzen dituen berezko eredua garatu du, eta eredu horren oinarria da tolosarren parte-hartze gogozkoa, solidarioa eta erabatekoa zentroak antolatzen dituen jarduera guztietan.


Orbea

Sabino Arana Fundazioak Bizkaiko Mallabia herrian dagoen Orbea enpresa, 175 urtetik gorako ibilbidea daukan enpresa, aintzatetsi eta saritu nahi du, negozioa berrantolatzeko gaitasuna izan ostean, errepideko eta mendiko bizikletak fabrikatzen dituen nazioarteko erreferente bihurtzeagatik. Orbea 65 herrialdetan baino gehiagotan dago eta enpresa arrakastatsuaren adibide gisa ikasten da unibertsitateetan. Gainera, nagusi da estatuko merkatuan eta munduko hamar bizikleta-marka ospetsuenen artean dago; beraz, euskal industriaren bandera-ontzietako bat dugu nazioartean. Era berean, sariak produktu asko garatzeko gaitasuna  aitortzen dio enpresari, bizikletez gain, kaskoak, hidratatzeko bizkar-zorroak, lanabesak eta txirrindularitzako arropa saltzen baititu, guztiak ere berrikuntzan eta enpresak berak sortu eta diseinatutako produktuetan oinarrituta.

 

Egibide

Sabino Arana Fundazioak Egibide “Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioa” aintzatetsi eta saritu nahi du, zazpi hamarkadatan baino denbora luzeagoan ereduzko hezkuntza-erakundea izan delako Araban, Lanbide Heziketan aitzindaritza garbia izanda, eta lurralde historiko horretako gizartea, ekonomia eta industria garatzen sekulako ekarpena egin duelako. Egibideren prestakuntza-eredua industriako sektorearen eskariari hertsiki lotu zaio beti eta ekinbide hori erabakigarria izan da Arabako enpresen arrakastari eta bikaintasunari dagokienez. Gaur egun, erakundeko 450 profesionalek adin guztietako 7.000 gizon-emakumeri ematen diete prestakuntza, eta horien laneratzea eta etengabeko prestakuntza ahalbidetzen dute. Horrez gain, esan beharra dago arreta handiz lantzen dutela gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskuan dauden edo kontratatzeko zailtasun handiak dituzten gazteen laneratzea eta gizarteratzea, gazte horien ezaugarrien araberako prestakuntza eskainita.


Pedro Luis Uriarte Santamarina

Sabino Arana Fundazioak Pedro Luis Uriarte Santamarina, egungo Ekonomia Itunaren aita, aintzatetsi eta saritu nahi du, gure autogobernuaren giltzarri eta ongizatearen euskal estatuaren oinarri den Ekonomia Ituna erakundetzen egindako funtsezko ekarpenagatik. Uriarteren konpromiso pertsonal eta politikoari, herri-senari eta helmen zabaleko ikuskerari esker, gure aberrigintzan eta gizarte-eraikuntzan oinarrizko bihurtu den tresna eta hari atxikitako eskubidea eguneratu ziren. Gaur egun, Pedro Luis Uriarte pertsona esanguratsua da industria eta finantza arloetan, eta www.comunidadconcierto.com deritzon gizarte-plataforma sustatu du Ekonomia Ituna ezagutarazi eta zabaldu eta euskal herritarrak (bai eta Espainiako herritarrak ere) itunaren defentsan sentiberatzeko eta haren aldeko konpromisoa hartzeko helburuz.


Matxalen Ziarsolo Areitioaurtena

Sabino Arana Fundazioak Matxalen Ziarsolo ermuarra, euskal emakumezkoen eskubaloiko jokalari aparta, aintzatetsi eta saritu nahi du, bere kirol-ibilbide bikainagatik, koloreei eskainitako leialtasunagatik eta kirol-balioen arloan eredugarria izateagatik. Arrakastaz beteriko hamabost urteko ibilbidea garatu du Bera Beraren lehen taldean, hau da, ohorezko mailan jokatu duen klub bakarrean. Hala ere, 2016an, Matxalenek amaiera eman zion kirol-ibilbideari erregistro ikaragarriak lortuta. Bera Bera taldeko jokalariak eta kapitainak 1.400 gol baino gehiago sartu ditu eta Donostiako taldearen hamalau tituluak eskuratu dituen jokalari bakarra izan da. Gainera, hamaika aldiz izan da jokalari internazional. Hala ere, arrakasta eta garapenetatik haratago, Matxalen Ziarsolo oso ezaguna da haren giza kalitateagatik eta, horren erakusgarri, estimu handia diote aldagelaren barruan nahiz aldagelatik kanpo.


“Guernica”: garrasi lazgarria, bakearen ikur

Sabino Arana Fundazioak “Guernica” margolanaren unibertso sinbolikoa aintzatetsi eta saritu nahi du, iraganean gerraren izugarrikerien irudia zena gaur egun bakearen ikur esanguratsu bihurtu zaigulako. 1937ko udaberrian, euskal herri asko bonbardatu zituzten era sistematiko eta antolatuan herritarren artean izua zabaltzeko helburuz. Gaur egun, gogora ekarri eta omendu gura ditugun adintsuak, emakumeak eta neska-mutilak bonba, zartagailu, metrailadore eta suaren biktima izan ziren; zentzugabekeria, basakeria, ankerkeria eta faxismoaren moral ezaren biktima izan ziren. Dena dela, Pablo Picassoren etorri sortzaileak munduko biztanleen begien aurrean betikotu zuen gerrako krimen horien guztien irudia. Egun, “Guernica” margolana bakearen aldeko borrokaren ikurra da, nahiz eta hamaika gerraren ezbeharrak eta hondamendiak, iheslarien giza zoritxarrak eta pobreziaren nahiz berdintasun ezaren gaitz kronikoak ilundu egiten dituen gatazka historiko batzuen amaierak ekarritako argia.

© 2013-2017 Sabino Arana Fundazioa