Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

Lehendakariaren agurra

Ongi etorri Sabino Arana Fundazioaren (SAF) web orrira; kultura-erakunde honek harako 1988ko urri hartan sortu zenez geroztik zeregin oparo eta aberasgarria garatu du pentsamolde abertzale, demokratiko eta aurrerazalearekin zerikusia duen oro ikertzen, jasotzen, eztabaidatzen, gogoeta egiten eta argitaratzen.

"Atzokoan finkatuz gaur biharkoa bultzatu" izan da eta da gure Fundazioaren jardueraren goiburu bide-erakusgarria. Haren oinarrizko jardun-printzipioa askatasuna, demokrazia eta giza nahiz gizalde eskubideak aldeztea da europazaletasun sendo bati atxikita.

Horregatik, Sabino Arana Fundazioak orain artean egin izan dituen ezin konta ahala lanak zorrozki atxiki zaizkio espiritu horri. Historia eta gertakariak ondo eta sakon ezagutzeak gaur egungo errealitateak interpretatzea eta etorkizunerako prestatzea ahalbidetzen duelako ustea osoa da, Sabino Arana Fundazioak bere zereginari ekin zionean zuen eta, harrezkero ere, horren garapenean duen filosofia.

Horrexegatik, Fundazioa beti ahalegindu izan da bizi den gizartearen parean egoten eta horren eguneroko arazoei hurbiltzen. Azken buruan, Euskadin gizarte, kultur eta ideologi elkarrizketa sustatzearen alde.

Ildo horretan, Gogoeta eta Elkarrizketarako Mintzatokia eta Hermes aldizkaria dira Fundazioak, XXI. mendeko euskal gizarteak aurrean dituen erronkei erantzuteko asmoz antolatutako debateak bideratzeko dituen tresnak.

Betekizun hori ezinezkoa izango litzateke Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak eta Museoak egiten duten txit zeregin garrantzitsua barik. Urteetan zehar biltzen joan garen jakinduri historikoa euskal gizartearen eskura jartzen dugu gure erakundeak antolatzen dituen erakusketa, hitzaldi, mintegi edo hausnarketa foroen bidez. Horrelaxe bakarrik ahalko dugu gure "Atzokoan finkatuz gaur biharkoa bultzatu" gauzatzen joan, iraganean sustraiturik, geure historia ulertuz eta bereganatuz eta etorkizuna orain bizi garen unetik bultzatuz.

Juan Mª Atutxa Mendiola
Sabino Arana Fundazioko lehendakaria


© 2013-2017 Sabino Arana Fundazioa