Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

Biografia

     Sabino Arana Goiri 1865eko urtarrilaren 25ean jaio zen Abandoko elizatean; gerora herri hori Bilbori erantsiko zioten. Garai latzak ziren Euskal Herriarentzat eta, umetan, gerra eta erbestea ezagutu behar izan zituen. Azken Gerrate Karlistaren amaieran, euskaldunen gehiengoa zegoen aldeak gerratea galdu zuelarik, foru erakunde tradizionalak ezabatuak izan ziren, Espainiako gobernuak derrigortuta, honen garaipen militarraren argudioa erabiliz eta Erreinuko biztanle guztiak espainolitatearen ereduaren barnean sartzeko asmoarekin. Egoera berri honetan, euskal identitatea, bere kultura eta hizkuntza, ezabatzeko helburu bihurtu ziren agintarientzat. Euskaldunen iraupenarentzako arriskua areagotu egin zen, aldaketa politikoez gain, aldaketa ekonomikoengatik, batez ere Bizkaian sorturiko industrializazio prozesuak Euskal Herritik kanpoko etorkin asko erakarri zituelako. “Ene herria, zu hiltzen ikusteko jaio al naiz?” hausnartu zuen Sabino Aranak.

     Ziurgabetasun eta asaldaketa egoera orokor batean, Euskal Herriarentzat itxuraz irtenbiderik gabeko kalezulo batean, porrot eta ezkortasun giroan, Sabino Arana gizon zuhur eta erabaki bezala nabarmendu zen, ideiekin, antolaketa eta gidaritza gaitasunarekin, karismatikoa, betebeharra ulertzeko zentzuduna eta guztien onerako bere burua eskaintzeko prestasunarekin. Euskaldunak nazio moduan azaldu zituen eta bere euskal nazio kontzientziaz jabetu zen, gaztetatik sentimendu hau hedatzera buru- belarri arituz, guztien artean euskaldunen betiko desagerpena ekiditzeko asmoz. “Behin bakarrik ez, ehun aldiz eskainiko nioke lepoa aitzurrari, nire izenaren oroimena be bilatzeko asmorik gabe, nire heriotzak nire Aberria berpizteko balio izango lukela jakingo banu” aditzera eman zuen bere jarduera politikoa publikoki hasi zuenean 1893ko ekainaren 3an.

     Bere ideiak eta Euskal Herria identifikatzeko eta defendatzeko asmatu zituen sinboloak hedatzeko egunkariak argitaratu zituen eta Euzko Alderdi Jeltzalea sortu eta antolaltu zuen, Espaniako gobernuaren errepresioari eta ezbehar guztiei aurre eginik. Bere bizitza eta ondasunak jaio zen aberriaren iraupena defendatzeko eman zituen. Bere jarduerak hamar urte baino ez zuen iraun, sasoia baino lehenago hil bait zen 1903ko azaroaren 25ean, 38 urtekin. Gartzela eta gaixotasunaren artean igaro zuen bere bizitza laburraren azken epea. Hala eta guztiz ere,  oso eginkizun emankorra izan zuen eta hil orduko Euskal Herriaren alde borrokatzen jarraituko zuen euskal abertzaleen talde antolatu bat utzi zuen. Hauen jarduera politikoa nahiko arrakastatsua izan zen, beraien gaitasunak baino sufrimendu ahalmen pertsonalari esker. Sabino Arana “maisu”arengandik ikasi zuten hau, beste hainbat gauza bezala.    


© 2013-2017 Sabino Arana Fundazioa