Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

Sabino Aranak alderdi politiko bat antolatu zuen, Euzko Alderdi Jeltzalea, euskal nazioaren eraikuntza eta askapenerako tresna izateko. Erakunde hau tokiko gune batetik hedatu zen, Bilboko Euskeldun Batzokija, 1894ko uztailaren 14an eratu zena eta 1895eko irailaren 12an Espainiako agintariek ilegalizatu zutena.

1895eko uztailaren 31 hartu ohi da EAJren hasierako data bezala, egun horretan Bizkaiko tokian-tokiko erakundeen organo gorena zen Bizkai Buru Batzarra edo Bizkaiko Zuzendaritza Batzordea  eratu zelako, klandestinitatean, hasiera-hasieratik lehen euskal abertzaleek jaso zuten errepresio gogorra zela eta.

EAJren egitura euskal tradiziozko antolaketaren islada izaten saiatu zen, herrietako erakundeetatik hasi eta herrialdeetako kontseiluekin jarraituz, non erakunde hauek parekotasunean parte hartzen zuten eta, Sabino Aranaren heriotzaren ostean, hegoaldeko herrialde guztietan horrelako kontseiluak osotu ziren, parekotasunean Euzkadi Buru Batzar edo Kontseilu Nazionala osatuz.

EAJ, alderdi politiko demokratiko eta berri bezala, zailtasun handiak izan zituen garai hartako jauntxokerizko sistema politiko ustelean lanean aritzeko, eta honez gain, Espainiako gobernuaren euskal abertzaletasunaren kontrako beligerantzia zapaltzailea pairatuz. EAJren lehen hauteskunde arrakasten ondoren isunak eta gartzela-zigorrak iritzi-delituengatik ia jarraian etorri ziren baita zailtasun handiekin gainditu ondoren lortutako kargu publikoen kargugabetzeak ere.

Errepresio honen ondorioz, Bilboko zinegotzi abertzaleen bidegabeko kargugabetze handiaren ostean, Sabino Aranak, gaixorik eta gartzelatuta, zalantzan jarri zuen Euzko Alderdi Jeltzalearen eraginkortasuna testuinguru honetan eta hain abertzale azaltzen ez zen beste erakunde politiko bategatik ordezkatzea proposatu zuen. Ekimen honek ez zuen Aurrera egin, bere alderdikideak harrituta utzi zituen, “eboluzio espainolista” deitu zuten, eta gainera aitzakia bihurtu zen bere arerioek beraren kontra egiteko. EAJk bizirik iraun zuen bere sortzailearen heriotzaren ostean eta, Sabino Aranak alderdia eratu zuenean nahi zuenez gero, Euskal Herriaren askatasuna lortzeko borrokaren funtsezko protagonista politiko izatera heldu zen. 

 


© 2013-2018 Sabino Arana Fundazioa