SabinoAranawww.sabinoarana.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

JOSE MARIA BENGOA HIL DA. 2007KO SABINO ARANA SARIA JASO ZUEN

 

 Jose Maria Bengoa Lekanda joan den larunbatean, urtarrilak 16, hil zen, 96 urterekin. Nutrizioaren arloan aditua eta nazioartean ospetsua, 2007ko Sabino  Arana Saria jaso zuen bere lanbide eta giza ibilbideagatik, zeren,  "Agirre lehendakariaren Jaurlaritzako Osasun Sailean hasi zituen zerbitzuaz eta zereginaz gain, komunitatearen nutrizioaren garapenean egin zituen ezin konta ahala ekarpenak eta behartsuenekin  betidanik izan duen konpromisoa eskertu nahi izan baitzitzaizkion. Konpromiso horrek, hain zuzen ere,  mediku nutrizionista hau bere bizitzako 65 urte baino gehiago munduko gosearen, bidegabekeriaren eta txirotasunaren kontra borrokatzen ematera eraman zuen".

Jose Maria Bengoa Bilbon jaio zen 1913ko apirilaren 20an. Gaztetan "Eusko Gaztedi"ko militantea izan zen. Medikuntza ikasi zuen Valladoliden, eta hiri horrexetako Euskal Ikasleen Elkarteko presidentea ere izan zen. 1936an lizentziatu zen.

Gerra Zibila lehertu zelarik, mediku eginkizunetan jardun zuen Euzko Gudarostean, non sorospen-postuz eta ospitalez osatutako sare zabal bat antolatu baitzuen. Hainbat mediku, erizain eta boluntariok eta Karitatearen Alabak parte hartzen zuten erakunde hura Nazioarteko Gurutze Gorriak goraipatu zuen.

Bilbo erori zenean, Frantziara joan zen euskal errefuxiatuen haur-egotetxeak antolatzen eta kudeatzen laguntzeko eta ebakuatutako zaurituak La Rosaraieko ospitalean sorosteko.

1938an Venezuelara erbesteratu behar izan zuen eta han gizarte-medikuntzaren esparruan oso emankor gertatuko zen ibilbide bati ekin zion.

1940an "Medicina social en el medio rural venezolano" liburua argitaratu zuen. Lan hura aitzindaria izan zen prebentziozko medikuntzan eta oihartzun handia lortu zuen Venezuelan (1980an eta 1992an berrargitaratu zuten).

1949an Caracasen Nutrizioaren Institutu Nazionala sortu zuen eta horren barruan, Nutrizionisten eta Dietisten Eskola.

1946 eta 1948 bitartean Caracaseko Eusko Etxeak argitaratzen zuen "Euzkadi" agerkaria ere zuzendu zuen.

Osasun publikoan eta nutrizioan aditu gisa, Jose Maria Bengoak ekarpen garrantzitsuak egin ditu hala kontzeptuen gainean nola metodologietan. Berari esker izan zen Nutriziozko Suspertze Zentroak sortzeko ekimena, gaur egun txit hedatuak mundu osoan. Venezuelako nutrizioaren instituzionaltzean -Venezuelako Nutrizioaren Institutu Nazionalaren sorkuntzan parte hartu zuen (1949)- zeregin funtsezkoa garatu izanaz gain, nazioarteko osasunaren arloan ere jarduera ekina gauzatu du; eginkizun horretan, Osasunaren Mundu Erakundearen Nutrizio Saileko buru gisa egindako lana (1955-1977) nabarmentzen da, baita Cavendes Fundazioko zuzendari betearazle eta kontseilari gisa egindako lana ere (1983-2000); fundazio horrek munduan dauden nutrizio eta gose arazoak aztertzen ziharduen. Orobat, 1980 eta 1983 bitartean Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aholkulari izan zen euskal osasun-sarea sortzerakoan.

2000n haren laguntzaileek eta jarraitzaileek Elikadura eta Nutriziorako Bengoa Fundazioa sortu zuten, Cavendes Fundazio jadanik iraungiaren lanari jarraipena emateko.

 

Jose Maria Bengoa Lekanda
Jose Maria Bengoa Lekanda




www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2006 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz
Partekatu: Facebook-en partekatu Twitter-en partekatu Google +1-en partekatu Nire Del.icio.us-ko gustukoenetan gorde Nire Google Bookmarks-eko gustukoenetan gorde My Yahoo!-ko gustukoenetan gorde Menéame-ra bidali Zure orrian partekatu
Informa zaitez: