Sabino Arana Fundazioak, Europar Parlamentuko Liberal eta Demokraten Taldearekin (ALDE) elkarlanean, lan-mintegi bat egin du gaur, Bilbon, eta bertan elkartu dira: euskal arrantza-sektorea, EBko Itsaso eta Arrantza Gaietarako Zuzendaritza Nagusiaren Garapen Politikako zuzendari Ernesto Penas; Europar Parlamentuko Arrantza Batzordeko mahaiburu Carmen Fraga, eta itsasoan edo lehorrean jarduera honi atxikitako jarduera ekonomikoetan lan egiten duten eragileak eta operadoreak.
Jardunaldiaren helburua, sektorea Europako agintariekin kontaktuan ipintzea eta esparru hartako profesionalek Europaren erreforma-proposamenak eta beroriek egiteko arrazoiak bertatik bertara entzun ahal izatea izan da. Gainera, Europar Batasunaren erakundeetako arduradunei euskal arrantza-sektorearen, Europako arrantza-sektorerik indartsuenetako baten, ordezkariekin elkartzeko plataforma bat ere eman zaie.
Jardunaldiko jendaurreko zatian, Europar Batzordeak arrantza-politikaren arloan duen estrategiaren zuzendari Ernesto Penasek eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuorde ohi José Ignacio Espelek, batetik, arrantzontzidiari eta euskal sektoreari gehien eragiten dieten egitasmoaren alderdiak eta, bestetik, erreforma gautzerakoan sektore horrek dituen aukerak azaldu dituzte, hurrenez hurren. Gero, Carmen Fragak, Europar Parlamentuko Arrantza Batzordeko mahaiburuak, lan-tailer bat koordinatu du; bertan azpisektore guztietako (altura, baxura, ontzi izoztaileak, merkaturatzaileak, nekazaritzako elikagaien industria, etab.) hogeita hamar bat ordezkarik Europar Batasuneko arduradunekin iritziak eta irudipenak elkartrukatzeko aukera izan dute.
Debate-gai nagusia, jarduera hau biologikoki, sozialki eta ekonomikoki jasangarri zelan egin eta arazoa zein ikuspegitatik aztertu da. Sektoreak uste du ezen, politikak ingurumenezko ikusmoldeei lehentasuna emanez planteatzeak jarduera ekonomiko hau bukaraziko duten erabakiak hartzera eraman dezakeela. Ostera, haien iritziz, laguntza-politikak gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasuna kontuan hartuta diseinatzen badira, ingurumena bera zaintzea ere bermatzen da, argi eta garbi baitago baliabideak larregi ustiatzeak ere jarduera amaitu eragingo lukeela. Horixe da funtsezko debatea, zein zenbait alderditan adierazten dena, bestalde, besteak beste: harrapaketa-kuotak zehazteko prozedurak, bazterkinei emango zaien tratamendua, erkidegoen nahiz ontzidien artean harrapaketa-kuotak transferitzeko aukera, ontzidiaren izaria eta gaitasuna egokitzeko aplikatzen diren politikak, edo arrantza-kudeaketarako planak espezieka eta harrapaketak zehazteko prozedura gardenagoak, epe luzerako planifikaziorako datuak eskaintzeko gauza direnak, abian ipintzea.
Bestalde, hirugarren herrialdeekiko akordioen filosofiari dagokionez ere, hainbat kontu daude argitu barik. Abiapuntutzat hartzen den ideia da, Batasunaren funtsak zorrozki aplikatu behar direla inguru horietako arrantzaren kudeaketa hobetzen, leku haietan jardueraren jasangarritasuna bermatzeko eta sektoreari atxikitako toki-garapenari laguntzeko; baina, ostera, eskubideen eskurapena, haiek ustiatzen dituzten ekarpenekin abonatu behar da nagusiki. Europan sektoreak duen askotarikotasuna ikusita, badirudi hobe dela arautegi erkidearen alderdi teknikoenak, eta toki-arazoekin erlazionatuagoak, erregionalizatzen hastea. Arrantza Politika Erkideak jardueraren funtsezko alderdiak Bruselatik antolatzen segituko du; baina tarte handia dago espezifikotasunarentzat, eta horrek malgutasuna, komunikazioa, koordinazioa, gardentasuna eta, seguruenez, Batasunaren legeriaren atal bat edo beste erreformatzea eskatuko du.
Baita esan da ere, Batasunak sektorean egingo duen finantza-ahaleginak, oro har, iraun egingo duela, baina iragartzen da, aldi berean, itsasontzi-desegiteentzako laguntza-politika bertan behera utziko dela behin betiko, oso garestia (900 milioi euro hamar urte baino gutxiagoan) eta ez oso eraginkorra baita, arrantza-gaitasuna (os zehatz neurtzen ez dakigun magnitude bat) itsasoan dauden baliabideei egokitzeko helburua jadesterakoan. Abenduaren hasieran Europar Kontu Epaitegiak, dirudienez, oso txosten negatiboa aurkeztuko du, programa horietarako erabilitako funtsen benetako eraginkortasunaz.
Azkenik, Victor Badiola, OPPAOko (Ondarroako Portuko Alturako Ekoizleen Erakundea) gerentea, arduratu da debatearen laburpena egiteaz; bertan baxurako sektoreak oinarrizko arautegiari eman dion laguntza azaldu du, baina artisau-arrantzaz duen kezka ere azpimarratu du.
Adostasuna egon da bazterkinen gainean, baita arazo horiei aurre egiteko irtenbide teknikoak, arautegizkoak eta merkatukoak bilatzerakoan aurrean duten eginkizun zailaz ere. Erregionalizazioak eta RACetan (Erregio Kontseilu Aholku-emailea) egiten den lanaren subsidiariotasun-printzipioarekiko errespetuak beste elkargune bat ekarri dute. Produktuak merkatuan sartzeaz denaz bezainbatean, Batasuneko ekoizleei egindako exijentziekin dagoen arazoa adierazi da, halakoek hirugarren herrialdeekiko akordioetan duten eragina ere aipatzeaz batera. Eta amaitzeko, parte-hartzaileak itsasontzi-desegitearen politikari eustearen alde agertu dira.