SabinoAranawww.sabinoarana.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

SABINO ARANA FUNDAZIOAK ERAKUSKETA BAT ANTOLATU DU XABIER LANDABURU POLITIKARI ARABARRAREN OMENEZ

 “Xabier Landaburu: bizitza osoa euskal herriaren kausarentzat” erakusketa Gasteizko Amarica aretoan ikusi ahalko da otsailaren 19tik martxoaren 9ra arte.

 

Bilbon, 2008ko otsailak 19. Sabino Arana Fundazioaren prentsa-bulegoa

Xabier  Landaburu Fernández de Betoño (Gasteiz, 1907-Paris 1963)  beste adibide bat da, euren gaitasun bikainean eta gizarte eta ikasketa prestakuntzan oinarriturik, ongizatezko etorkizuna sakrifikatu eta herri batekiko eta gogo-asmo batzuekiko maitasunaren alde borrokatu zen euskaldunen belaunaldi ereduzko hartan.

Ehun urte bete dira, Arabatik Kongresuko diputatu, erbestean Euzkadiko Jaurlaritzako Lehendakariorde eta, idatzi zituen artikuluekin eta bere “La causa del Pueblo vasco” liburuarekin, euskal abertzaletasunaren teorilarietako bat izandako Euzko Alderdi Jeltzaleko politikari hau jaio zenetik. Gainera Naziorateko Lantalde Berrien (NEI) sorreran ere parte hartu zuen, Agirre lehendakariarekin batera, erbestean ordurako, zuzendaritza-batzako kide ere izan zelarik

Eta bere bizitzako 55 urteetatik 26 erbestaldian eman bazituen ere, eta hil ere egoera horretan 1963an, inoiz ez zen ahaztu bere jatorri arabarraz.

Haren jaiotzaren mendeurrena oroitzeko, Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak  “Xabier de Landaburu (1907-1963):  bizitza osoa euskal herriaren kausarentzat”  erakusketa antolatu du; bertan haren bizitza, lana eta gogo-asmo europazaleak ezagutaraziko dira. Erakusketaren arduraduna Alex Ugalde  EHUko Nazioarteko Harremanetako irakasle eta Zientzia Politiketan doktorea da.

Hamabi paneletan euskaraz eta gaztelaniaz ipinitako testu zenbaiten, irudiak eta argazkiak dituztela laguntzeko, eta zenbait erakustokiren bitartez (dokumentazioa, argitalpenak, objektu pertsonalak…) gainbegiraketa bat egiten zaie Landaburuk eskaintzen dituen alderdi nagusiei, hala nola: abokatu gisa, kazetari, idazle eta publizista gisa, kultur erakundeetako eragile gisa, egunkari eta aldizkarietako zutabegile gisa, Euzko  Alderdi Jeltzaleko buruzagi gisa,  Gorteetako diputatu, Euzkadiko Jaurlaritzaren Parisko ordezkari  eta  nazioarteko zereginetan Agirre lehendakariaren laguntzaile gisa, Euskaldunen Lagunen  Nazioarteko Ligaren dinamizatzaile gisa, euskal elkarte europazale eta federalisten bultzatzaile eta arduradunkide gisa, nazioarteko kristau-demokraziako kide gisa, Radio Euzkadiko esatari eta Euzkadiko Jaurlaritzako sailburu eta lehendakariorde gisa.

 

Xabiar Landabururen familiaz gain, erakusketa eratzeko lagundu dutenak, argazkiak, dokumentuak, argitalpenen digitalizazioak eta beste material batzuk utziz, honako hauek izan dira: Valladolideko Unibertsitateko Artxiboa (Landaburuk lortutako  Zuzenbide Lizentziaturaren  dokumentazioaren jatorrizko espedientea laga dute); Gasteizko Marianisten Ikastetxea (Batxilergoa amaitu zuen ikasturteari dagokion argazki-orla utziz); Sancho el Sabio Fundazioa, Eusko Ikaskuntzaren Eusko Media; Arabako Lurralde Historiakoaren Artxiboa, Gasteizko Udal Artxiboa, eta Deportivo Alavés (“Que la victoria nos sonríe” ikuskizun komiko-musikalaren antzezpenerako egin zen bandera utzi du, izan ere haren libretoa Xabier Landaburuk berak  Luis Apraizek idatzi zuten, musika-partitura Luis Aramburuk maisuak egin zuelarik).

 

 

Erakusketaren logotiporako Landabururen aurpegiaren profila erakusten duen marrazki bat diseinatu da, Heraldo Alavésen 1929ko ekainaren 24an argitaratutako I. Ugarte Viterik egindako karikatura batean oinarrituta. Hain zuzen ere, karikatura hura  21 urte besterik ez zituenean, bere jaioterriak, Gasteizek, Landabururi bere kazetari, kultura eta gizarte jardueragatik eskaini zion omenaldi baten karietara egindakoa da.

 

Erakusketaren osagarri gisa, 90 orrialdeko katalogo eder bat ere prestatu da; lan hori ere Alex Ugalde erakusketaren arduradunak koordinatuta egin da; bertan  Landabururen biografia zehatz bat eskaintzen da, bai halaber Landaburu ezagutu zuten pertsona ospetsu batzuek (adibidez, Salvador de Madariaga eta Venancio del Val gasteiztar kazetari eta kronikaria) eta gaur egungo historialari eta ikertzaile zenbaitek beraren gainean emandako iritziak, eta haren idazkien hautapen bat, beraren pentsamolde politikoa hobeto ezagutzen laguntzeko.

 

Bere bizitzan zehar  Xabier de Landaburuk  ongi konbinatu zituen egunez eguneko politikagintza eta analisi teorikorako, azterlanak egiteko eta taktika eta estrategia politikoak planifikatzeko zuen gaitasun handia. Erbestaldian  euskal abertzaletasunaren ideologo eta pentsalaririk nabarmenenetako bat izan zen, pentsamoldea garaien aldaketaren eta nazioarteko inguruabarren arabera eguneratzen  jakinez.

 

Hogeita hamarreko hamarkadan euskal politikagintzara atera zen belaunaldi hartakoa izan zen, hau da, Jose Antonio Agirre, Manuel Irujo, Jesus Maria Leizaola, Telesforo Monzon… eta beste askok osatutakoa; pertsona haiek, gehienak artean gazte zirela, goi mailako ardurak bereganatu zituzten II. Errepublikan, Gerra Zibilean, II. Mundu Gerran eta erbestaldian.

 

Laburpen hau osatzeke geratuko litzateke Landabururen beste alderdi bi aipatuko ez bagenitu: beste joera politikoetako buruzagiekin hitz egiteko zuen jarrera, dela aeneuvekoak, sozialistak, errepublikanoak eta beste, zeintzuetako askoren benetako adiskide izatera iritsi zen, eta, emazte Konstantiñe Illarramendirekin batera, zazpi seme-alabako sandia  osatu izana.

 

 “Xabier Landaburu (1907-1963): bizitza osoa euskal herriaren kausarentzat” erakusketa otsailaren 19tik martxoaren 9ra  ikusi ahalko da Gasteizko Amarica aretoan (Amarica plaza, 4), astelehenetik ostiralera 17.30etatik 21:00etara eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etatik 21:00etara.

Landaburu
Landaburu




www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2006 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz
Partekatu: Facebook-en partekatu Twitter-en partekatu Google +1-en partekatu Nire Del.icio.us-ko gustukoenetan gorde Nire Google Bookmarks-eko gustukoenetan gorde My Yahoo!-ko gustukoenetan gorde Menéame-ra bidali Zure orrian partekatu
Informa zaitez: